2020(e)ko apirilaren 22(a), asteazkena

MUNDUAK ELKARLOTUZ PROIEKTUA (LURRAREN EGUNA)

Kaixo, lagunok, zer moduz zaudete?

Munduak Elkarlotuz honetakoak espero dugu den-denok ongi izatea, egun aldrebes hauek ahalik eta modu hoberenean pasatzen.
Beste gauza askok bezala, koronabirus-pandemia hau gelditzeko neurriek ere eragina izan dute proiektuaren ibilbidean. Herrialde askotako ikastetxeetan jarduera geldiarazi duen egokiera zail honetan, onenetan onena opa dizuegu, etxetik nola edo hala parte hartzen jarraitu duzuenoi bereziki eskertuz.

Edizio hau itxi aurretik, Lurraren egunean, hil honen 22an, egiteko aurreikusita genuen ekintza kolektiboarekin bat egitea proposatu nahi dizuegu, hau da, Bizitzaren Arbola bat egitea, gorabehera berriei egokituta.
Arbola naturaren ikurra ez ezik, munduko kulturen parte bat ere bada. Gizaki guztien arteko eta gu guztion eta Lurraren arteko lokarria da. Orain inoiz baino areago pentsatzen dugu funtsezkoa dela bizitza baloratu eta birpentsatzea, Lurrean dugun bizimodua aztertzea. Horregatik, honako hauxe proposatzen dizuegu:
-          Bakoitzak bere etxean Bizitzaren Arbola bat sortzea. Nola egin, ordea? Hamaika modutan, hara: margotuta, zizelkatuta, gorputzarekin osatuta, ordenagailuz diseinatuta, horma edo paretan marraztuta, hitzekin eratuta, besarkatzen zaion bitartean argazkiak aterata… Muga bakarra zuen sormena da. Ez dio axola, kaktus urdina izan edo zotzez osaturiko sahats negarti ñimiño bat izan. Denon artean zenbat eta forma, espezie, kolore eta tamaina gehiago lortu, orduan eta hobeto!


-          Balkoian edo leihoan ere eskegi dezakezue lan hori, zuen bizilagunei bizi eta itxaropen mezua igortzeko. Izan ere, arbola hori eginez hartzen duzue konpromisoa bizitzarekin, planetarekin, hori osatzen duten pertsona eta izaki bizidun guztiekin. Mundu bidezkoago eta iraunkorrago baten alde lan egiteko konpromisoa hartzen duzue.





Animo, besarkada estutu beroa denoi. Eta eskerrik asko guzti-guztioi, itxaropenak eta desio onak partekatuz parte hartzeagatik.

Laster arte, lagunok!

ANIMATU ETA BIDALI ZUEN ZUHAITZAK HELBIDE HONETARA:

lagunenartean@gallegogorria.net

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina